
Denboraldi berri bati ekin genion aurreko igandean, eta zergatik ez esan, ilusioa piztu zitzaigun askori. Realak Villareal zuen aurkari, europako onenen artean dagoen taldea, eta 1-0 irabazi zuen Xabi Prietoren gol bati esker. Hala ere gola ez zen izan garrantzitsuena, baizik eta taldeak eman zuen itxura, eta itxura ona eman zuen egia esan; Martin Lasartek esan bezala, geratzeko etorri gara.
Ilusio berak bultzatuta gaur bertan zubietara joan naiz, entrenamendua ikusi eta ea zerbait berria ikusten ote nuen konprobatzera. Goizeko saioak berez ez du ezer berezirik izan; hasieran rondotxo bat, eta gero lehengo igandean jokatu zutenak luzaketak eta trote pixka bat egitera bidali dituzte. Hauek izan dira lehenak saioa amaitzen. Bigarren talde batek, hau da, aurreko astean bigarren zatian irten edo jokatu ez zutenek berriz, saio dinamikoago bat egin dute, eta partidatxo batekin amaitu. Hemen Jeffrey Sarpong jokalari berria zegoen, eta egia esan gustatu zait. Badu gar berezi bat, eta ez dio beldurrik urrunetik baloia jotzeari, eta hori oso, oso interesgarria izan daiteke realean. Gero pentsatzen jarri eta konturatu naiz egungo hamaikakoan zaila izango duela lekua aurkitzea, baina ea nola doan aurrera denboraldian.
Zorte on beste taldeei ere, baina liga zaila izango da guztiontzat aurtengoa.